Borrar
Loraldia jaialdiko aurkezpena.
«Martxoaren 7an ‘Ez dok hiru!’, eta hortik aurrera, egunero jo ta ke»

«Martxoaren 7an ‘Ez dok hiru!’, eta hortik aurrera, egunero jo ta ke»

Ia hilabete iraungo duen Loraldia jaialdiaren hirugarren edizioaren programazioan estreinuak eta produkzio propioak gailenduko dira

virginia enebral

Martes, 14 de febrero 2017, 12:09

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Loraldiaren hirugarren edizioa prest dago eta, badirudi, ernamuintzeko presa zeukala jaialdi goiztiarrena izango baita. Lehenbiziko aldiz martxoan jarriko da abian, 7an hain zuzen ere, eta amaiera apirilaren 8an emango zaio. «Aurten udaberria hasi baino lehen hasiko gara, zubi izango gara negu eta udaberriaren artean, zubiak ditugu gustoko», aitortu zuen atzo Imanol Agirrek, festibalaren zuzendari artistikoak, Azkuna Zentroan gertatutako programazioaren aurkezpenean. Horrez gain, luzeena ere izango da. «Ametsaren bidean bagabiltza eta hau urrats bat baino ez da, bidea falta da oraindik, baina festibala handi eta erreferentziala plazaratzen ari gara».

Jaialdiaren hasierak zein bukaerak ekitaldi bikainak izango dituzte estreinaldiak jasoko baituzte. Tartean Teatroa taldeak, edo beste era batera esanda, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek Arriagan zabalduko dute Loraldia 'Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa' lan berriaren estreinaldiarekin. Txantxa artean euskal musikaren zale amorratuak zirela aitortu zuten. «Musiko izaten utzi ez eta musikologo bihurtu gara. Horregatik, sortu dugu obra hau», azaldu zuen Telleriak. «Patxo eta biok aspalditxoan egiten dugun formatu berbera erabiliko dugu, hots, umoretsua, baina kasu honetan handiagoa izango da hiru musikari-aktore egongo baitira eszenatokian», gehitu zuen Martinezek.

«Martxoaren 7an 'Ez dok hiru!', eta hortik aurrera, egunero jo ta ke», ziurtatu zuen Agirrek. Eta arrazoia ez zaio falta. Ia hilabeteko programazioan 150 artistek parte hartuko dute hamabi aretoetan sakabanatutako hogeita hamarren bat ikuskizun eskainiz. Antzerki esparruan Martinezek berak Irati Agirreazkuenagaren laguntzarekin Dario Foren eta Franca Rameren testuen irakurraldi dramatizatua eskainiko digu; Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak, berriz, 'Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak' lana ekarriko du; eta Ander Lipusek eta Onintza Enbeitak gorputz-hizkuntzari buruzko tailerra emango dute. «Zubiak ezinbestekoak dira gure kulturan».

Dantzaren atalean, Loraldiak bi proposamen indartsu ekarriko ditu: Mikel Laboaren unibertsora bidaia egin ahalko da Dantzaz konpainiaren eskutik Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan, eta Kukai dantza taldearen hamabosgarren urteurrena ospatzeko gala izango da Iñaki Salvador, Oreka Tx, Juan Mari Beltran eta beste gonbidatu batzuk lagun direla. Halaber, Oskara Plazara! dokumentala aurkeztuko dute.

«Arriskuak»

Jaialdia bi norabideetan banatzen da: noiz eta nolakoa. Udazkenean Durangoko Azoka itsasargia den moduan, urte hasieran «Loraldiak euskal kultura modernoari ematen dio argia, ikusgarritasuna ematen dio», azpimarratu zuen festibalaren zuzendari artistikoak. Berritzailea izatea da beste helburu nagusia. «Arriskuak hartu ditugu». Hortxe bertan kokatzen dira egongo diren bi ekoizpen propio: 'Strip-tease' eta Pete Seeger New Yorkeko folk abeslari mitikoaren omenezko kontzertua. Lehenengoa sormenezko saiakuntza bat da eta horretarako lau eszena-zuzendari handiei gai honen inguruan antzezlan bat sortu dezaten eskatu zaie. Emaitza Arriaga antzokian ikusiko da. Areto berberean bilduko dira Oier Aranzabal buru duen Lou Topet taldea eta zenbait musikari, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Joseba Irazoki edota Izaro, besteak beste, Harkaitz Canok euskarara egokitu dituen Seegerren kantuak interpretatzeko.

Literaturak leku garrantzitsua izango du hirugarren edizio honetan. Kirmen Uribek argitaratugabeko literatur testua irakurriko du, Oihana Bartra eta Alaia Martin bertsotan aritzen diren bitartean. Saioari Angel Unzuk zuzeneko musika jarriko dio. Zinemak ere ustekabe atsegina ekarriko du. «Estrenaldi historikoa», Agirreren hitzetan. Duela 80 urte 3D teknikaren antzekoa erabiliz film laburra egin zen Iparraldean. Parisen estreinatu zen eta orain hemen ikusi ahal izango da, betaurrekoekin, alegia.

Campos antzokiak hartuko du jaialdia itxiko duen Mikel Urdangarinen emanaldia, 'Margolaria' disko berriaren aurkezpena. Dena den, hemen ez daude diren guztiak, Loraldiaren erakusgarri txiki bat baino ez. ¿Eta aurrekontua? «Ez zaizkit zenbakiak gustatzen, letretakoa naiz ni, baina iaz baino txikiagoa».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios