Liburuzainek irakurtzeko ohitura sustatzen dute ume txikien artean.

Eskola-liburutegiak, labirintoaren begian

07/02/2017 16:24 |0

Profesionalki kualifikatutako liburuzainak dituzten ikastetxeek emaitza hobeak lortzen dituzte proba akademikoetan

Italiak ez omen du zerikusirik Euskal Autonomia Erkidegoak aterarako nota txarretan; izan ere, argitu digutenez, PISA akronimoaren atzean dagoena urrun samar dago Toscanako hiri xarmagarritik:'Programme for International Student Assessment'. Ikasleen nazioarteko ebaluazio programa, beraz.

Irakurtzeko gaitasunak gurean izandako beherakadari heldu, eta eskola-liburutegien gaian aditua den pertsona batekin mintzatu gara. Maite Serna Martínez Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea da, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean, eta 2015ean izen esanguratsuko doktorego-tesi bat aurkeztu zuen: ‘Bizkaiko Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurtzeko ohiturak eta irakurtzearen balioa: eskola-liburutegiaren eraginari buruzko azterketa’.

Eskola-liburutegiek haur eta gazteen irakurtzeko gaitasuna bermatzeko lanean izan dezaketen eraginari buruz galdetuta, erantzun digu eskola-liburutegiak betidanik izan duela lotura handia irakurketarekin eta haren sustapenarekin, nahiz eta eskola-liburutegien funtzioak handituz eta egokituz joan diren hezkuntza instituzioan bizi izan diren aldaketengatik. Gaineratu duenez, gai horretan «ikerketek erakusten dute eskola-liburutegiak plus bat ematen diela ikasleen irakurketa-trebetasunari eta ikastetxeetako beste proposamen pedagogiko berritzaile askori, eta ekarpen horiei esker, eskola-liburutegia ezinbesteko espazio-baliabide-zerbitzua da egungo hezkuntza sisteman». Serna Irakasleak aletutako aditu askoren artean, Scottish Library and Information Council (SLIC) erakundeak 2013an argitaratutako txostenak eskola-liburutegien inpaktu onuragarriari buruzko ikerketa eta ebidentziak aipa daitezke. Onura horiek, besteak beste, arlo hauetan nabarmentzen dira: lorpen eta emaitza akademikoetan (errendimendu hobeak zenbait arlotan, adibidez, irakurmena, hizkuntza eta literatura, historia eta matematikari buruzko azterketa estandarizatuetan); ikaste-prozesuaren emaitzetan (kalitate handiagoko lan proiektuak, informazioa erabiltzeko prozesuen eta praktiken ulermen hobea, ezagupen handiagoak eta irakurmenaren gaitasuna eta garapena); hobekuntza ikaste-jarreretan (motibazio handiagoa, ikasketekiko eta lanerako jarrera hobea eta irakurzaletasuna).

Onura horiek guztiak ekarri ahal izateko, ordea, gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte eskola-liburutegiek: «Eskola-liburutegiek eraginkortasunez hobetuko dituzte ikasleen irakurketa errendimenduak, irakurketa jarrerak eta irakurtzeko ohiturak, baldin eta eskola-liburutegian adituak badaude, eta liburuzainek eskola-liburutegian lanaldi egokia, lan egonkortasuna, ekimen eskerga eta ilusioa badituzte. Izan ere, gure ikerketaren arabera, eskola-liburutegi dinamikoak, ondo ezarritakoak, eta ikasleentzako eskuragarriak dituzten ikastetxeek lortu dituzte emaitzarik hoberenak ikasleen irakurtzeko ohituretan eta irakurketarekiko jarreran», gaineratu du Maite Sernak, eta puntualizatu ez dagoela zalantzarik Administrazioak gai horretan duen erantzukizunaz.

Jarduera anitzeko plaza

Eskola-liburutegiak izan behar dituen baliabideez ere galdetu diogu Serna Martinezi: «Eskola-liburutegiak baliabide informatiboak, informatikoak, ikus-entzunezkoak eta paperezkoak integra ditzakeenez, funtsezko gunea da ikas-komunitatearentzat, baliabide horiek guztiak erabilgarriak baitira ikas-komunitateko kide guztien irakurtzeko ohiturak garatzeko».

Baliabide horiekin antola daitezkeen jarduerei buruz, berriz, oso garbi dauka saihestu behar direla planteamendu orokorrik gabeko estrategia eta jarduerak: soilik ludikoak direnak, sakabanatuak edota elkarrekin loturarik ez daukatenak. Egin daitezkeenak, aldiz, ugari dira, baina aditu guztiak ez datoz bat guzti-guztiekin. Edonola ere, hauek dira zabalduenak: ikastetxean egiten diren proiektuei laguntzeko jarduerak, kultura dinamizazioa tokian tokiko errealitatearekin lotzea, behar bereziak dituzten ikasleentzat edo desberdintasunei erantzuteko ekintzak garatzea, irakurzaletasuna familien artean bultzatzeko jarduerak antolatzea, idazteko eta irakurtzeko proiektuak integratzea, testuinguru elebidunetako irakurketa sustatzea, tresna digitalen bidezko jarduerak burutzea...

Hori guztia egin ahal izateko, arestian esan bezala, oinarrizko baldintza batzuk bete behar dituzte eskola-liburutegiek eta horien ardura hartzen dutenek. Maite Sernaren esanetan, «eskola-liburutegia edukitzeak ez du bermatzen haren erabilera ona izatea»; eta gaineratu du: «gure ikerketan hauexek dira eskola-liburutegi eraginkorretan atzeman ditugun efikazia-gakoak: hezkuntza-baliabidegune eta zerbitzu gisa funtzionatzen dute; irakurtzeko ohitura garatzeko helburua dute, eta irakurketa diziplinartekotasunean lantzen da; eta teknologia berriekin lan egiten dute, ikasleen prestakuntza osoa helburu».

Ordutegia ere aintzat hartu behar omen da: «Aditu guztiek garrantzi handia aitortzen diote ordutegiari, eta eskola-liburutegiaren ordutegia guztiz malgua izan behar dela uste dute».

Eskola-liburuzainak, besteak beste, aholkulari eta gidatzaile izan behar du

Eskola-liburutegien arduradunen prestakuntzari buruz, berriz, hauxe diosku: «Liburuzainaren eredu berria behar-beharrezkoa da». Eta figura horren profil berriaren ezaugarriak aipatu ditu, hala nola aholkulari eta gidatzailea izatea, irakurketak eta informazioaren kudeaketan espezializatua egotea, jarrera proaktiboa izatea, liburutegiaren inguruan proiektuak eta taldeak biltzeko gaitasuna izatea eta liburutegirako arduraldi esklusiboa izatea. Ikerketa baten arabera, profesionalki kualifikatutako eskola-liburuzainak dituzten ikastetxeek emaitza hobeak lortzen dituzte proba akademikoetan. Eskola-liburuzainaren profilari ondoen egokituko litzaiokeen titulazioari buruz, Bibliotekonomia eta Pedagogia arloetako prestakuntza aipatzen da. Zoritxarrez, ordea, «gure ikerketan agerian gelditu da ez dagoela liburuzain espezializaturik lagineko eskola-liburutegietan (Bizkaiko 19 eskola-liburutegietan)», argitzen digu Sernak. «Egoera hori dela eta», gaineratu du, «pentsatu da Graduondoko ikastaroak, espezializazio osagarriak, Minorrak eta Masterrak izan daitezkeela eskatutako gaitasun guztiak eskuratzeko bide baliagarriak; horiei esker, eskola-liburutegietan lan egiten duten pertsonek lanean jarraitu ahal izango lukete, aitortza akademikoa jasota. Labur bezain argi: liburuzain ondo prestatua behar da, eta Administrazioak eta zuzendaritza taldeek ziurtatu behar dute eskola-liburutegia profesional batek gidatuko duela».

TEMAS

Recibe nuestras newsletters en tu email

Noticias relacionadas

Lo más

COMENTARIOS

©ELCORREO

Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación. Si continúa navegando acepta su uso. Más información y cambio de configuración..

x