Borrar
Urgente El Gobierno central ampliará el aeropuerto de Bilbao

Ipuina eta nobela

Aspaldiko kontua da nobelaren eta ipuinaren arteko lehiarena, anai-arreba ustez handiaren eta txikiaren artekoa...

Aritz Gorrotxategi

Miércoles, 8 de febrero 2017, 01:06

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aspaldiko kontua da nobelaren eta ipuinaren arteko lehiarena, anai-arreba ustez handiaren eta txikiaren artekoa. Ez dira bataren nahiz bestearen defendatzaile sutsuak falta izan. Ipuinak baino idazten ez dituenari, berehala hasten zaizkio galdezka, «noizko nobela?». Nobelagileari, ordea, ez diote horrelakorik galdetuko, «noizko hurrengoa?» baizik. Gauza jakina da irakurleek, oro har, nobela izaten dutela genero kutuna. Irakurleak biziki atsegin du pertsonaia baten edo zenbaitzuen eskutik argumentua zeharkatzea, unibertso literario batean murgiltzea. Merkatuaren eta argitaletxeen joera halaber hori baieztatzera dator egunetik egunera. Bata, luzea da; bestea, berriz, laburra. Estereotipoak hor daude: nobela lan mardula eta mamitsua da; ipuina, berriz, lan azkarra eta arina. Are gehiago, genero bien luze-laburrera mugatu gabe, bada irakurlearengan bereziki errotuta dagoen uste bat: nobela sakontasunarekin lotuta dago; ipuina, berriz, hezurdura bat besterik ez da, izan zitekeenaren zirriborro bat.

Cortázarrek boxeoa atsegin zuen beste idazle argentinar baten definizioa dakar hizpidera ipuinaren eta nobelaren arteko aldea zehazteko: «nobelak puntuetara irabazten du beti; ipuinak, berriz, knockout bidez. Egiazki, nobelak progresiboki pilatzen ditu bere efektuak irakurlearengan; ipuin on bat, aldiz, zorrotza da, hozka egiten du atsedenik gabe lehen esaldietatik». Maratoia eta korrikaldi laburra. Poerentzat, eserialdi batean irakurri beharrekoa zen ipuina. Ipuinaren ezaugarri nagusia ez zen luzera, haren ondorioak baizik: efektuaren batasuna alegia. Poeren ustez, ipuina tentsioan bizi da efektua lortzeko eta hura ez galtzeko beharrezkoa den mugaren artean. Harritzekoa da, korrika eta presaka bizi bagara ere, gehiago jotzen dugu nobelak etenka eta barreiatuki irakurtzera, ipuinak (edo poesia) banaka eta osorik irakurtzera baino.

Efektuak pilatzeko duen gaitasun hori dela eta, sakontasunarekin, garrantziarekin lotzen dugu nobela. Baina nobelak ez du zertan izan ipuina baino sakonagoa. Detaile pilaketak ez du, berez, sakontasuna ekartzen. Gela bat altzariz edo tresnaz betetzen badugu, apenas egongo den pasatzeko lekurik. Sarritan, ipuinak esan beharreko guztia, iradoki beharreko guztia esaten du. Kontua da jendeak nobeletan bizitzea atsegin duela, eta nobelak ipuinak baino dezente luzeagoak direla. Ez da irmotasun edo sakontasun arazo bat. Ipuinak irmoagoa izateko argudio sendoagoak dauzka. Jendeari eta gizarteari buruz esan beharreko guztia (halakorik esan badaiteke, behintzat) zehaztasunez topa daiteke Txekhoven, Kafkaren, Hemingwayren, Mansfielden, Carverren, Paveseren, Isaac Bashevis Singerren, Isak Dinesenen, Flannery OConnorren, Cheeverren, Borgesen eta abarren ipuinetan. Azken batean, ipuinak zuzenean heldu behar dio irakurleari, itzulingururik gabe.

Nobelak, ordea, bere tempo berezia du, bere trantsizioak, deskripzioak, trama, soberakina... Neurri handi batean, nobela ipuina baino artifizialagoa izan daiteke, tranpa, korapilo, juntura eta luzamendu gehiago eskatzen baititu. Hala ere, nobelak oso ondo funtzionatzen du bizitzaren metafora gisa. Pertsonaia baten edo batzuen bizitza jarrai dezakegu etenik gabe (elipsiak gorabehera), baita garai oso batena ere, Tolstoiren Gerra eta bakean edota Grossmanen Bizitza eta destinoa eleberrietan bezala. Horrexegatik atsegin ditu jendeak nobelak. Jendeari nobelak habitatzea gustatzen zaio, fikziozko mundu hori habitatzea, pertsonaiekin batera eta bestera joatea, gertaeraz gertaera. Gugan oso errotuta dagoen inertzia bat da. Nobeletan flotatzea atsegin dugu, baina ez hainbeste ipuinetan igeri egitea. Atsegin izan ditugun nobelak penaz bukatzen ditugu, mantsoago irakurtzen ditugu azken orrialdeak. Ez ditugu amaitu nahi, ez dugu fikziozko mundu horretatik atera nahi, ez dugu hartatik esnatu nahi. Ipuinak, ordea, zuzenean eramaten gaitu erdigunera. Sintesi ariketa zorrotzagoa da. Gauza edo une jakin batean jarrarazten digu arreta. Ipuinak esan beharrekoa esaten du, eta, ondoren, badoa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios