Musika jotzera beste alde batera

13/02/2017 00:18 |0

Eta egun batetik bestera musika telebistatik desagertu zen

Eta egun batetik bestera musika telebistatik desagertu zen. Tira, beti geratuko dira kanal tematikoetan ikus daitezkeen bideoak edo ETB 1-en edo TVE-ren bigarren katean ordu txikietan ematen dituzten programa bereziak, baina kate jeneralistetan ez da ia musika emanaldi izpirik geratzen. Etorkizunean norbaitek 'Cachitos de Cromo y Plomo' edo 'Ochéntame Otra Vez' tankerako bilduma bat egin nahi izanez gero, gorriak eta bi pasatuko ditu ordu erdi bat osatzearren.

Audientziaren diktadurak, ezinezkoa ematen zuena lortu du. Gaur egun, 'prime-timean' agertzen diren kantari bakarrak 'talent-showetan' lehiatzen direnak dira. Batzuetan, hori bai, 'El Hormiguero' eta antzeko programetan musikariren bat ikusten dugu, normalean barregarri geratzeko, musika izan ezik mota guztietako pitokeriak egiten, bere azken lana saltzeko ahaleginez. Oraindik ezin burutik kendu Jamie Cullumi egin zioten 'elkarrizketa'. Imajina daitezkeen froga lotsagarri guztiak pasatu ondoren eta musikari apartaren pazientzia amaitzear ematen zuenean, azkenean piano aurrean jarri zen bere kantu bat ematearren. Eta egin, egin zuen, baina ez genuen entzun, une horretan hain justu ere publizitatea hasi zelako, Jamierentzat leiho txiki bat pantailan utziz non irudia ikus zitekeen, baina soinurik gabe. Non geratu ote dira orain dela hamarkada pare bat horren ohikoak ziren playbackeko emanaldiak? Non 'Katu kale' edo 'La Edad de Oro' estiloko saioak? Non larunbata gaueko ikuskizunak, Lazaroven zoomez betetakoak?

Jose Miguel Contreras eta Daniel Ecija, eragin handiko tele-produktoreek, hitzaldi batean azaldu ziguten gertakariaren ustezko jatorria. Kate pribatuak martxan jarri zirenean, hauek biek Tele 5ean egiten zuten lan, Emilio Aragonek aurkezten zuen magazinean hain zuzen. Programaren audientzia igo nahian Phil Collins musikaria kontratatu zuten, egun horietan Madrilen zegoela aprobetxatuz. Hirutan agertu zen programa horretan Genesis taldeko bateria ohia. Hurrengo egunean irrikan zeuden audientzien erregistroak begiratzeko eta... hara non ezuste galanta hartu zuten. Phil Collins agertzen zen bakoitzean ikusleek ospa egiten zuten izurria izango bailitzan. Handik aurrera programatzaileen jargoian 'Collins Efektua' izendapenarekin geratu zen bataiatua fenomenoa betiko.

Hau ez da herrialde guztietan era berean gertatzen, noski. Britainia Handian, adibidez, oso argi daukate zein garrantzizkoa den musikagintza euren ekonomian eta 'Britain’s Got Talent' programekin batera BBCk eta gainerako kateek ongi dakite sortzaile berrien eskaintzak zaintzen, programazio zabala bezain oparoa eskainiz.

Gurean aldiz, artista berriak Youtube eta antzeko erremintak erabiltzera behartuta daude. Ordu nagusietan 'Operación Triunfo' eta haren senideak dira toki duten bakarrak.

Ustezko jakintsuek osatutako epai-mahaiek goraipatzen eta mespretxatzen dituzte ospearen atzetik aurkezten diren artistak. Horietatik, ordea, oso gutxik lortzen dute ibilbide sendo bat osatzea. Urak dakarrena, urak daroa.

'Learning The Blues' abestian, Frank Sinatrak oso ondo azaltzen zuen: «Mahaiak hutsik daude/ dantza-pistan inor ez dago/ maitasun kantu bera jotzen ari zara/ hamargarren aldiz/ hasiera da, beste froga bat, besterik ez/ zure lehenengo ikasgaia/ 'bluesa' zer den ikasteko».

Ba horixe bera.

TEMAS

Recibe nuestras newsletters en tu email

Noticias relacionadas

Lo más

COMENTARIOS

©ELCORREO

Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación. Si continúa navegando acepta su uso. Más información y cambio de configuración..

x