noticia
Roberto Moso

Koinatu baten aitormena

09/02/2017 12:06 |0

Ni neu naiz, askotan, koinatu hori. Azken bolada honetan kezkatzeko moduko maiztasunez gertatzen zait neuri ere. Kritikak lau izar jarri dizkion pelikula bat ikustera joan eta etxera itzuli normalean dudan baino lerdo aurpegi handiagoarekin

New York Post: 'Pelikula bikaina. Hasieratik bukaera arte ikusleak ez du arreta izpirik galduko'.

Le Monde: 'Gutxitan ikusten den film borobil horietakoa. Oskar usaina dario'.

Le Figaro: 'Betiko klasikoekin parekatzeko modukoa. Zinemarekin maiteminduko zara ezinbestean'.

Nire koinatua: 'Kaka zaharra. Bost minutu pasa eta gero lo seko geratu nintzen'.

Ba bai. Nolabaiteko txiste hau irakurri nuenean guztiz identifikaturik sentitu nintzen. Ni neu naiz, askotan, koinatu hori. Azken bolada honetan kezkatzeko moduko maiztasunez gertatzen zait neuri ere. Kritikak lau izar jarri dizkion pelikula bat ikustera joan eta etxera itzuli normalean dudan baino lerdo aurpegi handiagoarekin.

Tipo arraroa bihurtzen ari ote naiz? Kritikoek sumatzen dituzten lilurei antzemateko ezgai? Toni Erdmann film austriar-alemaniarra eta Comanchería estatubatuarra nire azken «harribitxiak» izan dira. Lehenengoan bi ordu eta erdi egon nintzen horrenbeste sari merezi duen bertuteen zain. Alferrik. Konturatzen nintzen, hori bai, ez nintzela bakarra, beste batzuk ezin zutelako metraje osoa jasan eta hanka egin zutelako bukatu baino lehen.

Bigarrenarekin, agian, problema nirea da. Sinesgarritasun eza igartzen dudanean (fantasiazko pelikula ez izanik) gainerako guztiari soberako deritzot.

Egun hauetan Rajoyri leporatu diote lotsagarria dela Goya sarientzat hautagaiak direnen lanak ikusi ez izana. Ez dakit nik presidente baten beharren artean bere herrialdean egiten diren pelikulak ikustea dagoenik, (kontutan edukiz badaudela baita ere antzerki lanak, zuzeneko kontzertuak, mota guztietako erakusketak, eta abar), baina nire uste makalean estatu honetan egiten den zinegintza ez dago, hain zuzen ere, inor etxetik ateratzeko moduan. Ez dago, bada, promozio kanpainek eta kritika gehienek kokatzen duten lekuan. Alex de la Iglesiaren azken lanetan efektismo hutsa besterik ez dut ikusten eta Almodovar aspaldian dabil bere buruaren kopia makalak errepikatzen. Kalean maiz entzun ditut horrelako iritziak, hedabideetan oso gutxitan ordea.

Madriletik Bilborako autobus bidaia batean 'Ocho Apellidos Catalanes' pelikularen bideoa jarri ziguten. Lehenengo partean horrenbesteko arrakastaren zergatiak ulertu ez banituen ere, luzapen honetan, gogaitu egin nintzen. Brotxa lodiko umorea da nagusi berriro ere, baina euskal izaeraren parodia 'sinpatikoa' eman bazitekeen lehenengo emanaldian, bigarren edizio honetan irainaren ertzean mugitzen da. Pelikularen hasieran Rafa andaluziarrak lepoan eraman behar du Koldo «Madril ez zapaltzearren». Kar kar kar. Katalanen irudia bestalde independentziaren eskaera ulertzeko modukoa da, zekena ez dena pedantea da... Gero, sarean informazio bila sartu eta hara non ikusi ditudan lau izarreko kritikak, oso komedia ona dela baieztatuz. Non podo credere.

Eta zer esan gure inguru hurbilenaz. Euskal Herrian lerro arteko kritika arte eder bilakatu da. Badago nolabaiteko 'omertá' bat izen sakratuen -eta ez horren sakratuenak bertokoak badira- lanez jendaurrean gaizki ez mintzatzearren. Azken finean auskalo zer gerta daitekeen etorkizunean, topo egitea horren erraza den espazio txiki honetan.

Kritikak edozein arrazoirengatik susmagarriak direnean, antzu bihurtzen dira. Eta ezbairik ez, kaltetuena, epe luzean, kultura bera eta kulturgileak dira. Bada ikasteko garaia. Bitartean, koinatuen iritziak nagusi izan beharko.

TEMAS

Recibe nuestras newsletters en tu email

Noticias relacionadas

Lo más

COMENTARIOS

©ELCORREO

Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación. Si continúa navegando acepta su uso. Más información y cambio de configuración..

x