Borrar
Urgente El Gobierno central ampliará el aeropuerto de Bilbao
Lapurtua edo ez, Cari Grant Eva-Marie Saint-en musu bila doa
Musu-truk bada, ez da doakoa

Musu-truk bada, ez da doakoa

Sexua estasia eta zoriona da, baina baita patetismoa eta desesperazioa ere

Harkaitz Cano

Domingo, 19 de febrero 2017, 01:28

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Robert Doisneauk 1950ean atera zuen argazkilari-tzaren historiako musurik ezagunena, Parisen. Nozio erromantikoaren estereotipoa indartzen zuen istant hark, eta berrogei urte baino gehiagoz argazkia 'lapurtua' zela sinetsi zuen munduak, harik eta protagonistek 'prestatu' egin zutela aitortu zuten arte. Bikote harreman hark apenas iraun zuen, baina milaka neraberen logelak apaindu zituen geroztik posterrak. Argazki bat ez baita egia, une jakin bateko itxuraren betikotzea baizik.

1896an heldu zen zeluloidezko lehen musua, 'The Kiss' filmean. 1930ean Marlene Dietrichek musu eman zion emakume bati estreinakoz 'Morocco' luzemetraian. 1957ra arte itxoin behar izan genuen arraza desberdinen arteko lehen musua pantailan ikusteko, 'Island in the Sun' filmean. Horra musua, aldarrikapen bihurtua: Horacio Quirogaren hitzetan, inguruan dauden energia guztiak puntu bakarrera erakarriko lituzkeen tximistorra tza da muxua.

Garai bateko 'happy end'-ari azken puntua jartzeko era ere bai, eta baita filmetan sexu harreman esplizituak debekatuta zeudenean kontsumazioa aditzera emateko modua ere. 'North by Northwest' (1959) ezagunean, Cary Grant eta Eve Marie-Saint tren batean sartu zituen Hitchcockek («Gaua luzea izango da eta irakurtzen ari naizen liburua ez zait gustatzen ari»), koitoa tunelean barneratzen den lokomotorarekin sinbolizatuz. Bere garaian transgresore zena, zabarra edo xaloa irudi dakiguke egun.

Baina zer gertatzen da paperezko sexuarekin? Bada larru aferak nobela luzeetan gasolioaren antzeko direla dioenik, irakurleari gatza eta piperra emateko modua; alkoholik gabe eta sexurik gabe (restop-ik gabe), luze egin litezke bostehun orrialde. Dosifika tzea litzateke, honenbestez, kontua? Txekhoven iritzian, larrua jotzea esperientzia erlijioso sakona izan dadin, aski litzateke urtean behin soilik egitea; oso sarri sexua izanez gero, ordea, jatea bezain aspergarri bihurtzen da. Idazleak bi tentazio izan ditzake halakoetan: intelektualizaziora/ metaforara jotzea ala esplizitu izatea.

Morboa

Lehen hautua arrisku handikoa da, barregarri geratzeko aukerak handiegiak direlako; eta bigarrena, berriz, gero eta nekezagoa, xhamster eta chatroulette-en garaian interneteko pornografiarekin lehiatu nahi badugu, behintzat. Milurtekoaren hasieran argitaratu zuen Catherine Milletek 'La vie sexuelle de Catherine M.', eta morboaz haratago zihoan zerbait sentiarazi zigun irakurle askori. Baina ia hogei urte geroago, eutsiko ote lioke bere ibilera sexualak zintzo, gordin eta estilo trebez kontatzen zituen liburu hark bere durduza-tzeko ahalmenari?

Rita Renoir vedette-ak «batzuk kitzikatu eta beste batzuk deseroso sentiarazten dituena» bezala deskribatzen zuen sexy hitza. Deserosotasuna eragitea, ez al zen hori literaturaren funtzioetako bat? Umorearen ahalmen desmitifikatzaileak ere ia beti funtzionatzen du, Don Carpenterrek sexu grina psoriasiarekin erkatzen duenean, kasu: «Edozertarako gai da gizakia, azkura ziztrin bati aurre egiteko! ()».

Irudika dezagun gizonezko bat, gorputz guztian azkura duena, zeinari buruan sartu zaion emakume zehatz baten azkura dela bere sendabide bakar; irudika dezagun gizonezko hori, bere agoniaren erdian artilezko traje azkura tsu bat soinean, dardaraka, uluka, ispilu aurrean orraztu, gozo-gozo lurrindu eta hiria ziztu bizian zeharkatzen, zertarako eta, emakumezko horren etxera heltzeko, harekin zalamero portatzeko; irudika dezagun gizonezkoa familia giroko supazterrari, etorkizunari, maitasunari, loreei eta samurtasunari buruz lerdea dariola hizketan, artilearen azpian bere gorputz larrituak desesperatuki norbaitek azkura dezan eskatzen dion bitartean; pentsa dezagun gizon honengan, sofan emakumezkoaren ondoan eserita. Emakumezkoa txokora erretiratu da, baina gizonak badaki hark ere azkura duela, eta hil egingo dela berak azkuratu ezean".

Izan ere, sexu eszena on batek ez du zertan beti kitzikagarri izan. Philip Rothek ederki daki hori, mutiko talde bat nesken barruko arropak lapurtzen eta haiekin tximinoen gisan kolektiboki masturbatzen jartzen duenean, ondoren modu aski parodikoan ikasle egoitzako leihotik kulero zurien elur jasa deskribatzeko («James Joycek ez zituen akaso Noraren kuleroak lohiki zokomiratu? Sudurra barruko arropen josturan ipintzea horixe da idazlearen lana»).

Literatura, sortzez garbia denaren eta purutasunaren (puritanismoaren) kontrako borroka ere badenez gero, sexua betidanik izan da arma erabilgarria. Oraindik ere bada, agian? Georges Bataille-ren aburuz, minaren bidea erakusten digu pasioak: «Sexu organoen itxura bera, gertutik eta arretaz begiratuz gero, zaurien oso antzekoa da: gorputz bizi baten eta usteltzen ari den hilotz baten arteko lotura eta zornea irudikatzen duten zauriena».

Naturara hurbildu

«Orgia batek ez ote gaitu naturara hurbiltzen, ez ote da haren baitan urtu eta bat egiteko gonbita?». Azken bolada honetan irakurritakoen artean, Lucia Berlinen 'Each Moon, Each Year' aipatuko nuke gozamena eta naturarekin bat egitea ezin hobeto uztartzen dituen ipuinen eredutzat, urpekarien arteko sexu eta guzti.

Honela mintzo da Don Carpenterren pertsonaia bat 'Hard Rain Falling' eleberrian: «Ez zait pentsatzen dudan bitartean musu ematea gustatzen». Bataillek kontrakoa uste zuen, ordea. Eros-ik gabe, pentsamenduak bizitasuna galdu eta errepresibo bilaka-tzeko joera duela; Eros-aren bulkadari esker sortzen dela hausnarketa; beharrezkoa dela lehenbizi adiskide eta maitale izatea, gero ganoraz pentsatu ahal izateko.

Bere eleberrietan sexua gehiegi aipatzen ez duen egile handi batek, Rafael Chirbesek, lehen eta azken liburuetan eskaini zion arreta gehien, eta agian ez zen kasualitatea izan. Honela dio Paris-Austerlitz eleberriko pasarte batean: «Edozein zelarik ere haien naziokotasuna, egoera soziala edo ogibidea, geure inguruko guztiak makinaziotan zebiltzan, gaua iritsi orduko haragizko habia bat aurkitu eta bertan ezkutatu ahal izateko. () Ikasi nuen, zenbaitetan, larrua jotzea larri zabiltzanean laguntza eskatzeko modua besterik ez dela». Sexua estasia eta zoriona da, baina baita patetismoa eta desesperazioa ere. Habiatik kanporatuak izan gara, etxetik egotziak: sexua labirintoan galtzen jarraitzeko haria baino ez da. Bizitza bakarkako lana delako, nahiz eta, Gerardo Markuletak behin gaztigatu zigun bezala, inoiz edo behin binaka jartzen garen, «argazkiarendako».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios