Medikuarengana joaterakoan... aukeratu zure hizkuntza!

07/02/2017 12:14 |0

Osakidetzak jakinarazi nahi du erabiltzaileek osasun arretan nahiago duten lehentasunezko hizkuntza erabili dezaketela

Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak 'Lagundu egiguzu hobetzen: aukeratu zure hizkuntza!' goiburua duen kanpaina jarri dute abian, euskal osasun zerbitzu publikoaren erabiltzaileei jakinarazteko osasun arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza jasota gerratzeko aukera dutela, «hizkuntza eskubideen errespetuan, zerbitzuaren kalitatean eta progresibitate irizpidean sakontzeko».

Ekimena Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren (2013-2019) baitan jarri da abian, eta, aldi berean, aukera hori errespetatzeko eta osasun arreta euskaraz nahiz gaztelaniaz emateko Osakidetzaren konpromisoa inplikatzen du, «betiere errealitate soziolinguistikoaren eta erabilgarri dauden zerbitzuen eta baliabideen arabera, jomugatzat hartuta osasun zerbitzuko prestazio guztiak Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izatea».

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean legealdirako ildo estrategikoak azaltzeko egin zuen agerraldian nabarmendu zuenez, osasunaren arloan zerbitzuaren kalitatearen funtsezko elementuak dira komunikazioa eta enpatia, «eta lanean jarraituko dugu, beraz, pertsona guztiei ziurtatzeko osasun arreta lehenetsitako hizkuntzan jasoko dutela, euskaraz edo gaztelaniaz». «Euskalduntzea sustatzea euskararekin eta hizkuntza bizikidetzarekin nahiz kalitatezko osasun zerbitzua ematearekin hartuta dugun konpromisoaren batura da», azaldu zuen.

Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren ekimen nagusien artean, besteak beste, zerbitzu elebidunen eskaintza zabaltzea eta dokumentu klinikoetan eta informazio sistemetan euskararen presentzia gero eta handiagoa izatea daude. Biak ere langileen hizkuntza gaikuntzan aurrera egiteko, profesionalak kontratatzeko hizkuntza irizpideak eguneratzeko eta itunpeko zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plana hedatzen jarraitzeko neurriak dira.

Liburuxka eta kartelak

Ildo horretan, aste honetan bertan hasitako kanpainari buruzko informazioa emateko liburuxka banatu da eta kartelak eta olanak jarri dira Euskadiko osasun zentro, ospitale eta gainerako osasun erakundeetan. Kanpainaren helburua da herritarrei aukera horren berri ematea eta zein hizkuntza aukeratu duten nola jakinarazi dezaketen adieraztea. Guztira, 75.000 liburuxka, 2.350 kartel eta 41 olan prestatu dira.

TEMAS

Recibe nuestras newsletters en tu email

Noticias relacionadas

Lo más

COMENTARIOS

©ELCORREO

Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación. Si continúa navegando acepta su uso. Más información y cambio de configuración..

x